Informazioa, hezkuntza eta parte-hartzea

Gizartearen kontzientzia eta hiritarren parte-hartzea sustatu nahi bada, ezinbestean ziurtatu beharreko gauza da ingurumenaren gaineko informazio egokia eta hiritarrek askatasunez informaziora iristeko aukera izatea; hau da, ingurumenaren egoerari buruzko edozein informaziotara eragozpenik gabe ailegatu ahal izatea. Informazioa hiritarraren esku egonda, gizarteak garaiko egoera zein den jakin dezake eta baita hobetzeko zein mekanismo erabili behar diren ere. Ingurumenaren egoera orokorrari dagozkion datuak ez ezik (adibidez, airearen eta uraren kalitatea), honako beste hauek ere jaso behar ditu:kutsatzaileen ikerketa eta kontrolei buruzko emaitza zehatzak, gaurkotuak, eta osasunean duten eragina; industri jarduera puntualen ingurumen-inpaktua; sektore publikoak hartutako prebentzio-neurriak; kasuan kasuko araudia, eta ingurumen osasungarri bat izateko eskubidearen defentsa-prozedurak.

Gero eta errazago da informazioa jendearen eskura jartzea, ohiko komunikabideen bitartez (prentsa, irratia, telebista), komunikazioko eta informazioko teknologien bitartez (internet eta datu-base handiak) eta beste baliabide batzuen bitartez (adibidez, produktuen etiketatzea).

Orain dela urte batzuetatik hona Espainiako Estatuan Ingurumeneko Ministerioa, zenbait erkidego autonomo, udaletxe eta bestelako erakunde batzuk Ingurumeneko Informazioaren Sistemak garatzen ari dira; alegia, ingurumenari buruzko informazioa jaso, egituratu, eskura ipini eta banatu ahal izateko baliabideak ari dira prestatzen.

Informazioa eskura izateko eskubidea juridikoki oinarriturik dago 1949an Parisen onartu zen Giza Eskubideen Aitorpenean. Agiri honen 19 artikuluan honela esaten da: “Edozein pertsonak du eskubidea, askatasunez bere iritzia izateko eta adierazpenak egiteko, eta eskubide honek berekin dakar: bere iritziak direla-eta inor ez gogaitzea, informazio eta iritziak ikertzea eta jasotzea eta horiek lurraldeen mugetatik harago zabaltzea, edozein adierazpide erabiliz.”

Nazioarteko beste itun batzuek ere antzeko hitzetan aitortzen dute eskubide hau. Adibidez, honako hauek: NBEk 1966an onartutako Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Konbentzioak; Europako Kontseiluak 1950ean onartutako Giza Eskubideen Europako Konbentzioak; Teheranen 1973an egindako Eskubide Zibil, Politiko eta Kulturalen Aitorpenak; Costa Rican 1984an egindako San Joseko Ituna (Giza Eskubideen Amerikako Konbentzioa).

Rioko Aitorpenak, hau da, 1992an Nazio Batuen Konferentziak Ingurumenaz eta Garapenaz egindako agiriak, ingurumenaren gaineko informazioaren zeregina azpimarratu zuen. Ekitaldi honetan onartutako 21 Programako kapitulurik gehienetan nabarmendu ziren ingurumen-informazioari buruzko gaiak. 10 printzipioak bermatzen du hiritarraren parte-hartzea eta ingurumen-informaziora nornahi iritsi ahal izatea: “Ingurumenaren gaineko auziez jarduteko, hiritar interesdun guztiek parte hartzea da onena, dagokien mailan. Estatuaren esparruan, pertsona guztiek egokitasunez iritsi ahal izan behar dute agintari publikoek euren eskura duten ingurumenaren gaineko informaziora, baita erkidegoan arriskubide diren material eta jarduerei buruzko informaziora ere, eta, horrekin batera, erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izan behar dute. Estatuek biztanleen sentiberatasuna eta parte-hartzea erraztu eta sustatu behar dituzte, informazioa pertsona guztien eskura ipiniz.”

1992an ipini zen indarrean Ingurumenaren Alorreko Informaziora Iristeko Askatasunari buruzko Europako Zuzentaraua. Hark bermatzen du agintari publikoen esku dagoen informazioa eskura izateko eta zabaltzeko askatasuna. Zuzentaraua Espainiako legedira 38/1995 Legearen bitartez ekarri zen. 2001etik, Nazio Batuen Europako Batzorde Ekonomikoaren Hitzarmena gidatzen du; alegia, Informaziorako Sarbidea, Hiritarraren Erabakietako Parte-hartzea eta Ingurumen Gaietarako Justiziaren Eskuragarritasunaz diharduen hitzarmena; Aarhusko Hitzarmena ere deitzen zaio, eta horri egokitzen ari zaio erkidegoko legedia. Marko honetan kokatzen da Europako Parlamentuko 2003/4/EE Zuzentaraua, 2003ko urtarrilekoa, ingurumenaren gaineko informaziora hiritarra iristeaz diharduena.

Hezkuntza da ingurumen-justizia sustatzeko eremurik aproposena. Gizarteko zenbait sektoreri erasaten dioten arazoen aurrean, hezi egin behar da gizartea. Horrek esan nahi du aztertu egin behar dela, besteak beste, ingurumenean inpaktua egiten duten produktu eta jardueren bizitzaren zikloa.

Lehen mailako eta bigarren mailako eskolek, euren ikasketa-programetan, ingurumenari erreparatzen dion hezkuntzan, ingurumenaren jasangarritasuna eta ez-diskriminazioa susta dezakete. Horrez gainera, auzo-tailerrak ere osa litezke, ingurumen-diskriminazioaren izaeraz eta hari aurre egiteko defentsa-jarduerez gizarte zibila trebatzeko.

Ingurumen-diskriminazioaren arazoak, neurri batean, jatorri hauxe du: Erasanaren eraginpean dauden aldeek ez dutela parte hartzen, ez planteamenduan, ez jardueren inplementazioan. Ingurumeneko eta osasun publikoko arazoen konponbidea, ordea, ez da bakarrik Estatuko administrazio-erakundeen kontua; hiritarrak nahiz gizarteak ere ekin eta parte hartu beharra dauka erabakiak hartzeko prozesuetan inplikatutako hainbat aldagai kultural, sozial, zientifiko, ekonomiko eta teknologikotan, gero eta gehiago gainera, bizi-kalitatea goratu nahi bada. Gogoan izan beharreko gauza da gutako edonork egin dezakeela zerbait ingurumena babesteko edo, alderantziz, hondatzeko.

Ingurumen-inpaktuaren gaineko ikerketak partaidetzan eginak izan behar dute, eta gizarte zibileko kide, gobernuetako erakunde, eta antzekoen esku geratu, hartara, haien kalitatea kontrolatu eta ebaluatu ahal izan dezaten.

Baina parte-hartzeak, besterik gabe, ez du ezer konpontzen. Parte hartzean, informazioaren jabe izan behar da, hartara, jendeak, beharreko ezagutza berekin duelarik, erabaki ahal izan dezan zein diren bere arazoak eta zein horiek behar dituzten konponbideak. Horregatik, parte-hartzearen osagarri, informaziora askatasunez iritsi ahal izan behar da.