Konposatu organokloratuak
Konposatu organokloratuek (KO) honako ezaugarri hauek dituzte: planeta guztira hedatu dira, bioegonkortasun handia eta biodegradazio mantsoa dute, gantz-ehunetan metatzen dira eta, azkenik, bizialdi ertain edo luzea izaten dute. Horrengatik guztiarengatik Konposatu Organiko Iraunkorren taldekidetzat hartzen dira. KOak konposatu kimiko eta organikoak dira, eta euren hidrogeno-atomoak, banaka batzuk edo den-denak, kloro bihurtzen dira.
30eko hamarkadan hasi ziren konposatuak ekoizten eta erruz erabiltzen, batez ere, industrian (isolatuen ekoizpenean) eta nekazaritzan (pestiziden arloan). Gaur egun, konposatu horietako asko debekaturik daude; hala ere, ez dira erabat desagertu, biodegradazio mantsoa dutelako eta hirugarren munduan oraindik ere erabiltzen direlako. Dena dela, ukaezinak dira konposatu horien onurak, esaterako, pestizida sintetikoetarako erabili direnean. Aitzitik, azken aldian gero eta kezkatuago gaude, zeren konposatuak erabiltzeak osasunari kalte egin baitiezaioke etorkizunean. Konposatuek, batez beste, 10 urteko bizialdia izaten dute eta, euren propietate kimikoak direla medio, urrutiko lurraldeetaraino iristeko gaitasuna dute. Airez hedatzen dira, eta lurzoruko materia organikoan nahiz organismo bizidunetan pilatzen dira.
KOak planeta osoan barreiatu eta sakabanatu dira. Hori horrela, gizakiok dugun arriskurik handienetakoa koipe ugariko dieta da; izan ere, zenbait ikerketaren bidez jakin dugu Espainian kontsumitu ohi diren janari askok (haragia, arraina, arrautzak, esnea eta esnekiak) p,p’DDEak, PCBak eta HCBren isomeroak dituztela. Airea eta kontsumoko ura, zer esanik ez, gertu-gertuko kutsatzaileak ditugu. Konposatuak koipe ugariko organoetan biltzen dira, hala nola, gibelean edo burmuinean; eta gazurean edo ama-esnean ere aurkitu ohi dira. Bestalde, karena zeharkatzeko gai direnez gero, bularreko umeetan konposatu gehiago metatzen dira pertsona helduetan baino: 20 aldiz gehiago. Jaioberriek lehenengo hiru hilabeteetan biltzen dute konposatu-kantitate gehiena, alegia, euren bizitza guztian pilatuko dutenaren {3effe4377b6f02be2524d084f7d03914ac32a2b62c0a056ca3444e58c1f10d0b}6.
Konposatuek herrialde garatuetako biztanleei nola eragiten dieten ezagutzeko asmotan, hainbat ikerkuntza egin dira, jaioberriak ikergai hartuta. Ikerkuntza horiei esker jakin da PCBetatik hurbil egoteak bai hazkuntzari bai ondorengo garapen motorrari eta garapen kognitiboari eragiten diela. KOetatik gertu egon direnak pertsona helduak badira, ordea, honako ondorioak agertu dira: minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak eta alterazio endokrinoak (batez ere, sistema tiroideoan).