Ingurumen-diskriminazioa

Ingurugiro sozialaren eta naturalaren kalitateak baldintzatzen du biztanleen bizi-kalitatea. Ingurunearen arabera, gizarteek jarduera diskriminatzaileak garatu dituzte. Horren arrazoietako bat kontzientzia falta da; hau da, ingurumenaren degradazioak baliabide naturalei ez ezik giza bizitzari ere erasan egiten diola ez kontuan hartzea. Lotura hori nabariagoa bihurtzen da ingurumenaren degradazioak osasunari eta bizi-kalitateari arazo larriak ekartzen dizkienean.

Ingurumen-diskriminazioaren auziari aurre egiteko, ezer baino lehen jabetu egin behar da arazoaz. Kontuan hartu behar da zein eratan garatzen ditugun merkataritza, lan publikoak eta legeak, baita zenbait giza talderen ingurumenari nola edo hala erasaten dioten jardueren kontrola eta ebaluazioa ere. Eremu horietan, gizarteak aktiboki hartu behar du parte erabakiak hartzen.

Ingurumen-diskriminazioa handiagoa da gizarteko sektore pobre, ahul eta baztertuetan. Horregatik, gizarteek sentiberatasun berezia garatu behar dute talde hauen ingurumenaren egoeraren aurrean.

Pobretasuna eta ingurumenaren diskriminazioa elkarri eskua emanda doaz, beste hainbat arrazismo eta diskriminazio motarekin batera. Gure hiri handietako auzo pobreek sarri sufritu behar izaten dituzte euren inguruan industria kutsatzaileen gehiegizko karga, arauz kanpoko zabortegiak, garbitu gabeko hondakin-urak eta abar, eta, bestalde, nekez izaten dituzte kulturaren, osasun-zainketaren edo lanaren munduetara iristeko aukerak.

Egoera honek eragin zuzena du eremu horietan bizi diren ume eta nerabeetan: hauek aukera gutxiago dute pertsona osasuntsu bezala garatzeko. Pertsona hauen artean ugariagoak dira intoxikazioak, gaixotasun infekzioso eta sexu-bidezkoak, drogazaletasuna, arazo psikiatrikoak edo portaerakoak, laneko nahiz etxeko istripuak.

Emakumeak, umeak, minusbaliatuak eta ingurumen-errefuxiatuak (ingurumenaren gainbehera dela-eta bere etxea utzi behar izan duen jendea) ere talde bereziki ahulak dira. Hainbat komunitate txikik (indiarrek eta ijitoek, adibidez) ingurumen-diskriminazio gogorra jasaten dute; izan ere, askotan, hauek, kulturalki iraun ahal izateko, baliabide naturalen mende egon ohi dira. Beste sektore ahul batzuen antzera, komunitate hauek ez daukate, ez baliabiderik, ez erabakiak hartzeko guneetara iristeko modurik, ingurumenari kalte egitea galarazteko.

Ingurumen-diskriminazioa identifikatzeko era bat ingurumen-inpaktuaren ikerketak egitea da. Ikerketaren bitartez, jarduera proposatuak inguruan zer eragin izan dezakeen aurreikusten da. Baina ez da nahikoa proiektu jakin batek ingurumenean zer inpaktu egiten duen aztertzea; gizakiaren gainean zer inpaktu duen ere kontuan hartu behar da. Bestalde, ez zaio erreparatu behar jardueraren barneko edo berehalako inpaktuari bakarrik, baizik eta kontuan hartu behar da, era berean, nola erasaten dion gizarteari osotasunean; nola, produktuen bizitzaren zikloari, erabilera-etapan nahiz hondakin-etapan, produktuok etorkizunean herrietako jendearengan eragina izan aurretik. Ikerketa hauek hainbat proiektu berriro formulatzen lagun dezakete, hartara, ingurumenarentzat hain diskriminatzaile eta kaltegarri izan ez daitezen.

Gainera, gobernu nazional eta lokalek, ingurumena babesteko, legeak sustatu eta atera behar dituzte, jende ahulenaren giza eskubideak bermaturik egon daitezen.

Espainiako Konstituzioak 45 artikuluan ezartzen du zer eskubide duen hiritarrak ingurumena dela-eta: “Garapen pertsonalaren alde, guztiek dute ingurumen egoki bat izateko eskubidea, baita ingurumen hori zaintzeko obligazioa ere; aginte publikoak arduratuko dira baliabide natural guztiak zentzuz erabiltzeaz, bizi-kalitatea zaindu eta hobetzeko eta ingurumena berreskuratzeko, betiere gizartetik nahitaez jaso beharrekoa den elkartasuna baliatuz…”.

Legea betetzen ez denean, hiritarrek euren esku dute gobernua zirikatzea, legeak bete daitezen, edo, bestela, eurek jar ditzakete martxan ekimen pribatuak.