Gantz-azido esentzialak eta poliinsaturatuak

Azido linoleikoari eta azido linolenikoari gantz-azido esentzialak (GAE) deitzen zaie, dietari esker bakarrik lor litezke eta. Gantz-azido hauek barazki, fruitu lehor eta zerealetan daude, baina, batez ere, jatean, landare-olioak (ekilorea, artoa edo soja) kontsumitzetik etortzen dira. Gantz-azido poliinsaturatuak GAEtik sortzen dira organismoan, baina dietatik zuzenean ere eskura litezke, batez ere arrainetik.

Garuneko azalean eta begi-sarean kontzentrazio handietan aurkitzen dira gantz-azido poliinsaturatuak, eta horrek pentsarazten du badutela zeresanik neuronen funtzioaren eta ikusmenaren funtzioaren garapenean.

Umekian, gantz-azido poliinsaturatuen metaketa batez ere haurdunaldiko hirugarren hiruhilekoan eta bizitzako lehenengo hiletan gertatzen da; horregatik, funtsezko garrantzia du amaren dietaren bitartez eta bularra hartzeko garaian azido horiek jasotzea, horrela garapen neurologikoa eta hazkundea egokiak izan daitezen. Hori bereziki garrantzitsua da garaia baino lehen jaiotzen diren umeetan (haurdunaldiak 37 aste egin aurretik), amaren ekarpena goizegi eteten baita.

Azken urte hauetan ikerketa ugari egin da gantz-azido esentzialen eta poliinsaturatuen ingestak haurdunaldian izan dezakeen eraginaz. Zalantzarik gabe onuragarria da osagai hauetan aberatsa den dieta bat, baina, hala ere, auzia ez dago hain argi arrainetik etorritako gantz-azido poliinsaturatuen ingestari dagokionean. Emakume haurdunen dietan garrantzi handia du alderdi horrek, kalitate handiko proteinen eta gantz-azido poliinsaturatuen iturri ona baita, baina, bai Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO), bai Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) esaten dutenez, arrain batzuk (adibidez, ezpata-arraina eta marrazoa) janariaren bitartez metilmerkurioa gorputzeratzeko bide nagusia dira, eta, horregatik, arrain horien ingesta ez da batere komenigarria emakume haurdunen eta adin txikiko haurren kasuan. Gune geografikoaren arabera, desberdina izan liteke metal honen maila, eta, horregatik, osasun publikoko agintariek, tokian tokiko kontsumo-espezieetan aurkitutako mailei erreparaturik, aholku eman behar diote kontsumitzaileari.

Amaren esneak

Haurraren bizitzako lehenengo hiletan amaren esnea da gantz-azido poliinsaturatuen iturri nagusia, baina, honekin batera, suerta liteke esne hori ingurumeneko hainbat kutsatzaileren eramaile izatea ere (adibidez: beruna, merkurioa, PCB eta dioxinak), arrunki dosi txikietan izan arren. Jaio aurretik kimikoen esposiziopean egoteak erakutsi du eragin txarra duela haurrarengan, Ingurumeneko kutsatzaileen atalean adierazten den bezala; hala ere, ez dago argi amaren esnean dauden ohiko kutsatzaileek umeari kalte egiten diotenik. Honen arrazoia zera izan liteke: substantzia kimiko hauen aurrean umea ez izatea fetua bezain sentibera, edota amaren esneak eragin babesgarria izatea batez ere nerbio- eta immunitate-sisteman.

Amaren esneak, nahiz eta konposatu kimiko asko eraman, dirudienez, baditu umearen garapenari laguntzen dioten ezaugarriak ere. Dena dela, amaren esnea hartzeak haurraren garapen neurologikoan zer garrantzia duen, oraindik itxi gabeko eztabaida da. Onurak gero eta nabariagoak dira, baina, ikerketa batzuen ustez, desberdintasun sozio-ekonomikoak dira horren arrazoi bakarra, hau da, bularra ematea erabaki duten emakumeen eta bularra ez ematea erabaki duten emakumeen arteko desberdintasun sozio-ekonomikoak; beste ikerketa batzuen ustez, ordea, amaren esneak badituen baina formulako esneek ez dituzten hainbat gantz-azidoren edukiak esplikatzen du era naturalean bularra hartu duten umeen garapen hobea.

Laburtuta: Dietak funtsezko zeregina izan dezake, gure organismoan produktu toxikoen metaketak dakarren eragin txarra prebenitzerakoan. Kimiko horietako asko hamarkadetan zehar joaten dira barneratzen gorputzean, eta, horregatik, adin txikian hasi behar da prebentzioko neurriak hartzen. Haurtzarotik fruta, landare, egoskari, zereal integral eta koipe gutxiko animali produktu gehiago janez, kalitateko nutrizioa lortzen da eta, gainera, gutxitu egiten da gorputzean kimiko toxikoen karga. Hala ere, gogoan izan behar da beti, babestuta egoteko erarik onena, amarentzat bezala haurrarentzat, kimiko kaltegarrien ekoizpena gutxitzea edo ezabatzea dela.