Bitamina antioxidatzaileak
E bitamina fruta lehorretan, hosto berdeko landareetan, artoan eta landare-olioetan dago batez ere; C bitamina, berriz, zitrikoetan, tomateetan eta, orokorrean, fruta, barazki eta berdura eta barazkietan aurki liteke.
Lurralde garatuetan fetu-hazkundearen atzerapenaren arrazoi ezagunena, seguru asko, gaixotasun hipertentsiboak izango dira, batez ere gaitz hauek preeklanpsia deritzon koadroarekin batera gertatzen badira; fetu-hazkundearen atzerapenen hirutik baten eragileak izatera ere iritsi litezke. Preeklanpsia haurdunaldiko sindrome espezifiko bat da, eta, batetik, amari erasaten dio, hodietako alterazio-mekanismo baten bitartez, eta, bestetik, fetuari, umetoki barneko hazkundea murriztea eraginez. Preeklanpsia da lurralde garatuetan amen heriotza-tasaren arrazoi nagusia, eta, gainera, zerikusia du denbora bete gabeko erditze-arriskua areagotzearekin eta jaiotza inguruko heriotza-tasarekin.
Oraingoz ez dago tratamendurik gaixotasun honen hasiera prebenitzeko edo atzeratzeko. Azkeneko urteotan, ordea, aurrerapen esanguratsuak egin dira gaitzaren arrazoien ikerketan, eta prebentiboki jardun ahal izango den itxaropena piztu dute. Oraintsuko ikerketek aditzera ematen dutenez, preeklanpsian, erradikal askeen gehiegizko ekoizpenak edo oxidazio-estresaren prozesuak tartean direlarik gertatu ohi dira hodietako alterazioak. Erradikal askeak etengabe sortzen dira organismoan zelulen metabolismo arruntean, infekzioaren aurreko erreakzio bezala, erradiazio ionizatzaileen, izpi ultramoreen, ingurumeneko kutsaduraren eta zigarro-kearen aurreko esposizio bezala edo kirol gehiegiaren aurreko erantzun bezala. Oxigenoaren erradikal askeek oxidazio-kaltea eragiten dute, eta kalte hau hainbat gaixotasunen jatorrian inplikaturik agertu da; besteak beste, zenbait minbizi-motatan, bihotzeko eta hodietako gaixotasunetan, diabetesean, gaixotasun neurologikoetan, patologia oftalmikoan eta zahartzean.
Erradikal askeek eragindako kate-erreakzioak honako agente hauek bakarrik ezabatzen dituzte: nagusiki entzima antioxidatzailez osaturik dauden defentsa-sistema antioxidatzaileek (erradikal aske oso erreaktiboen ekoizpena prebenitzen saiatzen dira), eta antioxidante ez-entzimatikoek edo bitamina antioxidatzaileek –C eta E bitaminak– osatzen duten bigarren talde batek (formatutako erradikal askeen ekintza indargabetzen du). Batetik, erradikal askeen ekoizpena eta, bestetik, hori indargabetzea bilatzen duen organismoaren gaitasun antioxidatzailea desorekan daudenean, oxidazio-estresaren prozesuaz hitz egiten da.
Gaitasun antioxidatzailea gutxiturik duten emakume haurdunek (bitamina antioxidatzaileen ingesta eskasagatik edo entzima antioxidatzaileen jarduera txikiegiagatik) preeklanpsia garatzeko eta umea denboraz aurretik eta pisu gutxirekin erditzeko joera handiagoa izan lezakete.
Haurdunaldiko lehenengo faseetan gaitasun antioxidatzaile eskasa duten emakumeen kasuan garbi ikusiko balitz preeklanpsia eta/edo umetoki barneko hazkunde atzeratua gertatzeko arrisku handiagoa dagoela, bitamina hauetan aberatsa den dieta batekin edo gehigarri antioxidatzaileekin prebenitu edo baretu egin ahal izango lirateke jaiotza-inguruko kondizio txar horien eraginak.
Baina ez da ahaztu behar ingurumeneko toxiko askok oxidazio-estreseko prozesuen bitartez egiten dutela kalte organismoan. Preeklanpsia prebenitzen eta fetuaren hazkundeari laguntzen bitaminek eragin ditzaketen efektu onuragarriez gain, amaren eta umearen dietak, fruta eta barazki ugari badu, hobeto babesturik edukiko ditu emakume haurduna eta umea ingurumenetik etor litezkeen erasoen aurrean.