Artsenikoa

Elementu naturala da, eta espezie ez-organiko edo organikoetan aurkitzen da ingurumenean. Normalki, uretan eta lurzoruan egoten da espezie ez-organikoko artsenikoa; beste artsenikoa, ordea, itsas organismoetan agertzen da (adibidez, hondar-azukreekin nahasturik), eta toxikotasun gutxiagokoa da. Artseniko ez-organikoz kutsatutako lurruna edo partikulak arnasten baditugu, nahasmendu gastrointestinalak (goragalea, beherakoa, sabeleko mina…) izan ditzakegu, baita nerbio-sistema zentralean nahiz periferikoan lesioak ere. Era berean, artseniko ez-organikoaren ondo-ondoan eta etengabe bagaude, larruazala eta mukosak narritatu egingo zaizkigu. Baina, ahotik hartzen bada, ohikoena da beste gaitz hauek izatea: nahasmendu gastrointestinalak, anemia, larruazalean lesioak, hiperpigmentazioa, eta gibelean zein giltzurrunetan zauriak. Artsenikoa, gure gorputzean, honako minbiziak sortzeko gai da: biriketakoa, larruazalekoa, gibelekoa eta maskurikoa. Artsenikoz kutsaturiko kasuak ezagutzen dira Bangladesh-eko uretan eta Nikaraguako hainbat eremutan.