Ingurumeneko kutsatzaileak

Contaminantes ambientales y salud infantil

Berez lekurik seguruenak izan beharko luketenak dira, hain zuzen ere, haurren osasunak dituen mehatxu handienak: etxea, eskola eta komunitatea. Urtero, 14 urtetik beherako bost milioi haur inguru hiltzen dira, garatu gabeko herrialdeetan batez ere, ingurugiroak eragindako gaixotasunak direla medio. Gaixotasun dezente dira herrialde horietan haurren heriotza eragiten dutenak: beherakoa, arnasketako gaitzak, malaria eta transmisio bektorialeko beste gaixotasun batzuk, traumatismoak, etxe barruko nahiz kanpoko giro-kutsatzaileak…

Era berean, badira haurren osasunerako kaltegarriak diren beste hainbat faktore edo produktu, hala nola, ur kutsatua, higiene eta saneamendu eskasak, aireko kutsadura (etxeko janaria prestatu edo berotzeko erabiltzen diren erregaiek sortzen dutena barne), tabakoaren kea, produktu kimiko arriskutsuak…

Hala ere, ingurugiroak haurren garapenean duen inpaktua zaila da ebaluatzen. Alterazioak mota askotakoak dira, baita haurren hazkuntzari eta garapen fisiko, intelektual, emozional nahiz sozialari kalte egin diezaieketen arriskuen kopurua eta mota ere. Herrialde garatuetan kutsadura-maila askoz txikiagoa da garatu gabeko lurraldeetan baino. Azken hauetan, aireko kutsadurak sortzen dituen ondorioak diskriminatzea ikaragarri zaila da, batik bat kontuan hartuta prozesu patologikoetan parte hartzen duten agente eta faktoreen kantitatea oso altua dela.

Kutsatzaileek osasunean duten eragina ezin da inolaz ere modu isolatu batean aztertu. Makina bat bide dago norbera kutsatzeko; bestela esanda, kutsatzaileak nonahi aurki ditzakegu: elikagaietan, airean, kontsumoko uretan… Gainera, kutsadura-iturri bakoitzak efektu ezberdinak sor ditzake. Eta guk ere jokabide ezberdinak ditugu arrisku horien aurrean. Gure bizitzan intzidentzia duten faktoreak egunetik egunera aldatuz joaten dira, esaterako, adina, genetika, elikadura, lehendik ditugun gaixotasunak…

Garapenaren bilakaeran egon ohi diren alterazioak honakoak dira: umekiaren haziera atzeratzea, sortzetiko malformazioak, hazteko zailtasunak, hainbat funtzioren urritasuna (esate baterako, funtzio neurokontuktuala nahiz immunologikoa, ugaltze-aparatua…), eta helduaroan gaixotasun kronikoak garatzeko joera izatea (diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia…).

Are gehiago, badaude homeostasi hormonala aldatzeko gai diren substantziak (disruptore endokrinoak); eta desoreka horiek gertatzen dira, hain zuzen, bai ama eta umea estu lotuak dauden sasoian bai haurtzaroan. Azken hamarkadetan, izugarri handitu dira hormonei loturiko patologiak, adibidez, gizonezkoaren ugaltze-aparatua osatzeko garaian alterazioak izatea, barrabilen funtzioan alterazioak egotea, eta barrabileko zein prostatako minbizia.

Giroko kutsatzaileak konposatu organokloratuak eta metalak izan direnetan, honako gertaerak antzeman dira: jaioberrietan pisu baxua, ume goiztiar gehiago jaio izana edota luzera-hazkuntza atzeratzea. Eta litekeena da, kutsatzaile haien eraginez, tiroide-funtzioan eta garapen neurologikoan alterazioak egotea. Hala ere, oraindik ez dakigu, argi eta garbi, ingurugiroko toxikoen ondorioz garapen kognitiboa atzeratu ote litekeen. Jakin badakigu, ordea, biziaren hastapenetan nerbio-loturen kopurua behar bezala baino txikiagoa baldin bada, kopuru hori handitu daitekeela geroago, dementzia bezalako gaixotasunak agerraraziz.

Ildo beretik, jakina da ibilgailu motordunek sortutako kutsadura eta iturriko ur kutsatua gai direla bai umekiaren haziera moteltzeko bai sortzetiko malformazio batzuk handitzeko. Gainera, ikerketa askok diotenez, elkarri loturik daude aireko kutsatzaileak eta bronkitis edo asma-krisien kasu gehiago egotea.