Ur kutsatua

Edateko uraren kalitateak sekulako eragina du umearen garapenean. Bai mikroorganismo patogenoek bai substantzia kimikoek kalte egiten diote uraren kalitateari.

Mikroorganismo patogenoek

Agente patogenoek kutsatutako ura edanez gero, makina bat gaixotasun larri ager daiteke. Beherakoa sortzen duten infekzioak dira gaixotasun ohikoenak; izan ere, beherakoa da garatu gabeko herrialdeetako haur-heriotzen kausa nagusia.

Desinfekzioak sortutako azpiproduktuak

Gure inguruan kutsatzaile kimiko ugari daude, edateko ura kutsatzeko gauza direnak. Desinfekzioak sortutako azpiproduktuak (DAP) erraz sortzen dira zerbait desinfektatzean, alegia, desinfektatzaile bat (kloroa, esaterako) gai organikoekin elkartzean. Azpiproduktuen kantitate-maila izugarri aldatzen da, kontuan hartzen bada uraren jatorria edo kalitatea edota ura edangarri bihurtzeko prozesua. Ehunka DAP badaude ere, gehien ikusten ditugunak trihalometanoak (THM) dira. Azken hauek hegazkorrak eta larruazalarekiko iragazkorrak dira; beraz, aireko azpiproduktuak arnastuz edo larruazalaren bitartez xurgatuz aise kutsa gaitezke, dutxan, bainuontzian edo igerilekuan gaudenean. Dirudienez, haurdunaldian konposatu horietatik gertu egotea hainbat gaitzen jatorri izan daiteke.

Igerilekuetan ere desinfektatzaile eta desinfekzioaren azpiproduktu franko biltzen dira, higiene-baldintzei eusteko behar-beharrezkoak. Konposatu horietako batzuk arnasbideak narritatzeko gai dira eta, beraz, haurrek arnas sintomak izateko arriskua egon badago. Hala ere, ikerketa dezente egin diren arren, ez dago bene-benetako loturarik igerilekuaren eta arnas sintomen artean, ziurrenez, igerilekuan bainatzea jarduera osasungarria delako.

Nitratoak eta metalak

Zehatzago, konposatu kutsagarrien ondorio zuzentzat jotzen dira, esate baterako, umekiaren hazkuntza atzeratzea eta jaiotzetiko malformazio batzuk izatea. Edateko uretan, zer esanik ez, bestelako kutsatzaileak aurki daitezke, adibidez, nitratoak, artsenikoa, beruna, etab.; eta horiek haurdunaldirako arrisku errealak dira.