Ikusi berri guztiak

Albisteak

Asteartea, 2009ko ekainaren 9a

INMA prentsa-ohar berria. “Ustez etxeko kutsadurak haurren garapen kognitiboari eta portaerari erasaten dio"

Bartzelona, 2009ko ekainaren 8a. Ia zalantzarik ez dago aireko kutsadurak izugarri handitzen duela gaixotasun burubaskularrak eta neurodegeneratiboak izateko arriskua. Duela gutxi jakin da, argitaratutako hainbat ikerketaren bidez, kutsadurak ondorio kaltegarriak dituela haurraren garapenean. Leku askotako airea kutsatzen den bezalaxe, etxeetako airea ere aise kutsatzen da, berogailuko edo sutegiko gasa erretzen denean. Errekuntzak ?lurralde garatuetako etxeetan ohikoa da? nitrogeno dioxidoa sortzen du, eta zeluletarako ikaragarri toxikoa da, nitrogeno oxidoetan txarrenetakoa baita. Substantzia toxiko horrek eragiten duen oxidozko estresari aurre egiteko, organismoak GSTP1 (glutathione S-transferasa S1) genea dauka: kodetze-funtzioa du, proteina antioxidatzaile bat sintetizatu ahal izateko. Proteina hori, ikerketa batzuetan frogatu denez, oso aktiboa izaten da umeen garunean, bizitzako lehen urtean.

Umeen etxeetako airearen kutsatzaileak aztertzeko xedez, Ingumeneko Epidemiologia Ikerketarako Zentroa (CREAL), Ikerketa Medikoko Udal Institutua (IMIM) eta Balearretako Osasun Institutua kohorte baten jarraipenean aritu ziren 1997tik 1999ra. Kohorte horretan, Menorcako 482 ume (neskak nahiz mutilak) aztertu ziren, bizitzako lehen hiruhilekoan eta laugarren urtean. Hasiera batean, bizialdiko lehen hiruhilekoan, umeek etxean arnasten zuten airearen kalitatea analizatu zen, baita giroan zegoen nitrogeno oxido kontzentrazioa ere. Ikerketaren bigarren fasean, lau urte pasa eta gero, ume bakoitzaren funtzio kognitibo nagusiak ebaluatu zituzten ikertzaileek, McCarthy testaren bidez, eta, aldi berean, haurraren arreta-gaitasuna eta aktibitatea. Gainera, odol- eta listu-laginak hartu zitzaizkien, DNA analizatu eta GSTP1 genearen aldaera ikustearren.

Ikerketaren emaitzak ikusita, eta faktore soziokulturalen garrantzia ahantzi gabe, argi eta garbi dago etxeetako airearen kutsadurak kalte egiten diola umearen garapen kognitiboari eta, era berean, nitrogeno dioxido kontzentrazioa estu lotua dagoela potaera-nahasmenduekin. Efektu kaltegarri horiek agertzen dira, hain zuzen ere, haurra, GSTP1 genearen aldaera jakin baten eramaile izanik, agente oxidatzaileak deuseztatzeko gai ez denean. Esan gabe doa, ke-kanpaia erabiliz edo gasa erre bitartean sukaldea aireztatuz, efektu kaltegarriak gutxitzen direla.

Laburbilduz, eta gaur egun ditugun datuen arabera, umea bere aurreneko urteetan gasaren errekuntzak sortzen duen giro kutsatuan bizi bada, haren funtzio kognitiboak afektaturik gerta daitezke eta oldarkortasun-sintomak areagotu. Hala ere, beharrezkoa da ikertzen jarraitzea, ondorio gaizto horiek umea hazten den heinean desagertzen diren jakiteko.

Aipamen-artikulua:
“Association of Early-life Exposure to Household Gas Appliances and Indoor Nitrogen Dioxide With Cognition and Attention Behavior in Preschoolers”. American Journal of Epidemiology. DOI: 10.1093/aje/kwp067